Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2019ko martxoak 22Bilboko Campusa

Unibertsitateak Deusto 2022 Plan Estrategiko berria aurkeztuko du, Transforming our world together /Mundu berri baten alde elkarlanean lemapean

”Mundu berri baten alde elkarlanean/Transformin our world together. Horixe izan da jesuiten unibertsitateen munduko topaketarako aukeratutako lema, uste handikoa eta motibatzailea (Bilbao, 2018ko uztaila) eta horretara bildu da Deustuko Unibertsitatea Deusto 2022ko Plan Estrategikoaren inspirazio iturri gisa: mundua elkarrekin moldatzen duten pertsonak eta erakundeak. Ez da utopia, erronka da: zaila, asmo handikoa, ilusionagarria eta, batez ere, egiteko modukoa. Denon artean heldu gara honaino, eta denon artean egingo dugu errealitate bultzada berri hau: Deusto 2022. Deustuko Unibertsitateko emakumeak eta gizonak gure lemak dioena garelako, eta izan nahi dugulako: mundu berri baten alde elkarlanean diharduten pertsonak”. Hitz horiekin aurkeztu du José María Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak Deusto 2022 plan estrategiko berria, jesuiten unibertsitatearen ibilbide-orria hurrengo lau urteetarako.

Prestakuntza eta balioak

Prestakuntzari dagokionez, Deustuk aurreko planaren (2015-2018) balantze bereziki asebetegarria aurkeztu du. Hiru mugarri esanguratsutan laburbildu daiteke: ikasle kopuruaren eta prestakuntza eskaintzaren igoera; irakaskuntzaren bikaintasuneko munduko top 6aren aitorpena (Global Teaching Excellence Award saria), 41 herrialdetako 300 unibertsitateren artean; eta 27 gradu elebidun eta hirueledun jasotzen dituen eskaintza.

Titulazioen mapari dagokionez, plan berriak eskaintza sendotzea eta eguneratzea jasotzen du, Osasun Zientzien arloko bost titulazio berri sortzea; zazpi gizarte, erronka berrietara eta jakintzaren mugetara bideratuak; eta bederatzi titulazio, nazioarteko edo baterako titulazio bikoitzetan. Gainera, planak estrategiak aurreikusten ditu online prestakuntza, prestakuntza duala, etengabeko prestakuntza eta ekintzailetza garatzeko.

Ikerketa eta transferentzia

2015-2018 tarteari dagozkion ikerketa eta transferentziako adierazleek ere garapen nabarmena jartzen dute agerian. Lau urtetan, Deustuk bikoiztu, hirukoiztu edo laukoiztu egin ditu ikerketako eta transferentziako adierazle nagusiak, eta sei aldiz biderkatu ditu ikerketaren itzulkinak. Scopusen 1.000 argitalpenen langa gainditzeak ekarri dio research-intensive university gisa aitorpena izatea, unibertsitate globalen Times Higher Education World University Rankingaren eskutik. Zerrenda horretan, 440. tokian kokatu da ikerketa munduan, eta seigarren unibertsitate espainiarra eta lehenengo unibertsitate ez publiko espainiarra da.

Deusto 2022 planak gorako ibilbide horretan sendotzea aurreikusten du sei estrategia hauek kontuan hartuta: nazioarteratzea, diziplina artekotasuna, sektore artekotasuna, eragina, berrikuntza eta inklusioa.

Gizarte konpromisoa

Aurreko planaren balantzeari erreparatuta, Unibertsitatearen Gizarte Erantzukizunaren estrategia globala azpimarratu da bost lan-ildotan: berdintasunean, inklusioan, justizia sozialean, ingurumenean eta osasunean. Aparteko balioa eman zaie Berdintasun Planaren garrantzizko ekarpenei. Hona hemen ekarpenak: Gearing Roles proiektua (berdintasun planak goi mailako hezkuntza erakundeetan ezartzeko europar ikerketa proiektua), Emakume Teknologoarentzako Ada Byron saria, Inspira STEAM proiektua, 2018ko Emakunderen Berdintasun saria, etab. Balantzearen barruko beste atal batean, Deustuk hausnarketari eta gizarte eztabaidari egin dion ekarpena ere azpimarratu da -DeustoForum, DeustoBide-Herritartasun Eskola edo Deusturen Giza Eskubideak Ingurune Digitaletan adierazpena bezalako ekimenen bidez-, baita nazioarteko rankingetako kokapena ere.

Datozen lau urteetarako ibilbide-orriak gizarte eragileekiko harremanerako lankidetza eredua, gure presentzia eta lidergo etiko eta intelektuala elkarrizketan eta gizarteko eztabaidan, eta gizarte eragina ebaluatzeko eredu bat prestatu eta ezartzea indartzearen aldeko apustua egin du. Deustuk, gainera, indartu egin nahi du bere kokapena hiru ildotan: Deusto Business Schoolen nazioarteko egiaztapena lortu nahi du AACSBren aldetik; nazioarteko rankingetan duen kokapena % 10 hobetzera iritsi nahi du; eta TTHE Agenda 2030 / munduko unibertsitateen konpromisoa 17 GIHen eta Agenda 2030 ebaluatzen duen GIH eragineko rankingaren lehenengo ediziotik egon eta aitorpena izan nahi ditu.

Pertsonak eta unibertsitateko elkartea / Erakundea eta gobernu ona

Ikasleek Ikasi eta zerbitzatu programetan, etika zibileko irakasgaietan edo Gizarte Erantzukizun Unibertsitarioari lotutako jardueretan parte hartze aktiboa izatea da Deustuko proiektuaren nortasun ezaugarrietako bat. Unibertsitateak 5.199.960 euro bideratzen ditu bekatara, 2.312.149 milioi bere baliabide propioetatik. Azken ikasturtean, 3.167 ikaslek 1.147.708 orduko praktika aktiboak egin dituzte, 675 erakunde laguntzailerekin sinatutako 4.539 lankidetza hitzarmenen bidez

Hurrengo lau urteei begira, Deustuk prestakuntza ereduaren dimentsio etiko eta sozialarekiko konpromisoa sendotzeko asmo sendoa du, baita tituludunen enplegagarritasunarekin ere. Ikasketei lotutako enplegu tasa % 80tik gora mantentzeko konpromisoa hartu du eta langabezia tasa % 10etik behera mantentzekoa.

Deustuko langileen atalean, prestakuntzarekiko konpromisoa sendotu nahi du (gaur egun, irakasle-ikertzaileen % 52k eta AZLen % 71k hartzen du parte prestakuntza jardueretan) eta familiako bizitza eta lanekoa bateratzen laguntzeko neurri berriak ezarri nahi ditu.

Azkenik, Deusto 2022k ad hoc estrategiak planteatzen ditu Donostiako campusean eta Gasteizeko eta Madrilgo egoitzetan: eraikin berria –gelategia, IIBZ eta kiroldegia– eta Donostiako campusean ikasleak % 10ean gehitzea, beste titulazio bat eskaintzea Gasteizeko egoitzan eta presentzia indartzea Madrilgo egoitzan.

2 printzipio inspiratzaile eta zeharkako 3 ardatz

Deusto 2022k bi printzipio inspiratzaile ditu, Deusturen unibertsitateko egitasmoaren ezaugarri direnak: Ignaziotar identitatea eta gizarte eta ingurumen erantzukizuna.
Horrekin batera, planak zeharkako hiru ardatz ditu, estrategia eta ekintzako ildoetan:

- Nazioarteko ikuspegia: unibertsitate euskalduna eta globala, sustrai sakonak dituena, mundura irekia, eta begirada eta bokazio unibertsalak dituena.
- Eraldaketa digitala: erabateko digitalizazio efektiboaren aldeko apustua egiten duen unibertsitatea,
- Aniztasuna: aniztasuneko bizikidetza eredu berritzaile eta erreferentziakoarekin konprometitutako unibertsitatea.

135 milioi euroko inbertsioa lau urtetan (2019-2022)

Deusto 2022k 135 milioi euroko inbertsioa ekarriko du lau urtetan. Horietatik 76, % 56, Unibertsitatearen beraren baliabideetatik etorriko dira. Beste 32,5 milioi Euskal Unibertsitate Sistemak berriki onartu duen planetik etorriko dira; eta 26.5 milioi lortu nahi dira estatu eta nazioarte mailako deialdi lehiakorretan. “Ekonomikoki, plan honek konpromiso sendoa eskatzen dio Deusturi: 1) gure baliabide propioekin konprometitzen gaitu; 2) bikain izaten jarraitzeko konpromisoa eskatzen digute lehiako deialdietako 26 milioi euroek; eta 3) Euskal Unibertsitate Sistemaren aurreko konpromisoa ere eskatzen digu, finantzazioa ezarritako helburuak betetzera baldintzatuta dagoelako. Ilusioz eta konpromiso hirukoitz horri erantzuteko arduraz hartzen dugu lana”, adierazi zuen errektoreak.

Azkenik, errektoreak gogoratu zuen unibertsitatea, definizioz, proiektu partekatua dela. Horregatik, bertaratuei eskerrak eman zizkien Deustuko unibertsitate egitasmoan emandako laguntzagatik.
Azpimarratu zuen, mundu aldakor eta lehiakor, argilunez eta konplexutasunez beteko honetan, unibertsitate erakundearen hobekuntza alde guztietatik etorri behar dela. Horregatik, plan estrategiko honek unibertsitatearen dimentsio guztiei eragin nahi die eta jarduneko eta hobekuntzako 26 ildori bultzada eman.

Gogoratu nahi izan zuen unibertsitateen eraginkortasun, gobernantza, autonomia edo finantzazioko eztabaidei, Deustuko Unibertsitateak “misioa” ere erantsi nahi diela, balioen ekarpena egiteko eta unibertsitatearen parte hartzea eskaini gizartean nabarmenenak diren gaietan.


 

 

 

 

 

22/03/2019 - La Universidad presenta su nuevo Plan Estratégico Deusto 2022 que lleva como lema Transforming our world together / Personas que transforman el mundo21/03/2019 - Presentación del nuevo Plan Estratégico Deusto 2022 de la Universidad en el campus de Bilbao a la comunidad universitaria